domingo, 4 de febrero de 2018

Itaka




Itakarako zure bidea hasten duzunean
erregutu luzea izan dadin,
menturez eta esperientziez betea.

Ez beldurrik izan lestrigoiei, ez ziklopeei,
ezta Poseidon suminkorrari ere,
horrelako izakirik ez baituzu inoiz bidean ikusiko
zure gogoa goian badago,
zure arima eta gorputza ukitzen dituen zirrara
aparta baldin bada.
Lestrigoiak, ziklopeak eta Poseidon bihozgabea
ez dituzu bidean aurkituko
zure baitan gordeta ez badituzu,
zure arimak altxatzen ez badizkizu.

Erregutu bidea luzea izan dadin,
udako goiz askoan
inoiz ikusi gabeko portuetara,
plazer eta poza handiaz, heldu zaitezen.

Geratu Feniziako merkatuetan
eta hango merkantzia ederrak hartu,
nakar eta korala, anbare eta ebanoa,
eta mota askotariko lurrin sentsual,
ahalik eta lurrin sentsual gehienak.
Zoaz egiptiar hirietara eta ikasi
bertako jakintsuengandik.

Eraman Itaka beti gogoan,
haraino ailegatzea zure patua baita.
Baina ez presaka egin zure bidaia!
Hobe da urte askotan luzatzea,
eta uhartean zaharturik porturatzea,
bidean irabazitakoarekin aberasturik,
Itakak berak aberats zaitzala itxaron barik.

Itakak eskaini zizun bidaia zoragarria,
bera gabe ez zenukeen bidaiarik egingo,
baina jada ez du zuri emateko beste ezer.
Zuk pobre aurkitzen baduzu ere,
Itakak ez zaitu engainatu.

Horrela, jakintsu bihurtu zaren horrek,
esperientziaz beterik zauden horrek,
hobeto ulertuko duzu Itakak egiaz zer diren.



No hay comentarios:

Publicar un comentario