martes, 8 de julio de 2014

Zartadak

Bizitzaren zartadak
nire gogoa astinduz,
zorigaitzaren ukabilak
muturrean kolpatuz,
amorruaren lerdea
ahotik irristatuz,
bihotzean ziztadak
sentitu izan ditut.

Ez naiz damutuko
aspaldiko bekatuez,
baina nire zigorra
sobera jasan nuen.
Nahi dudana zera da,
kate gehiagorik gabe,
aurki mundura atera
ta bizi betirako libre.

Zurrunbiloan barrena
erabat sarturik,
labirinto batean
galdurik nabil ni,
bizitza ziega honetan
ematera beharturik,
irteerarik ote dagoen
jakin gabe, atera ezinik.

Odola irakiten daukat
zainak lehertzeraino,
buruan zorabioa
oka egiteraino,
oihua eztarrian trabatua
kanpora noiz botako,
eskuak gogorki itxita
prest kolpea emateko.

Baina bat-bateko zartadak
burua zanpatu dit,
eta ustekabeko ziztadak
besoan zulatu dit.
Kartzelariari begira
amorruz eta gorrotoaz,
zurrunbilo zoro handian
berriz murgiltzen naiz,
betiko labirinto iluna
nondik, beharbada,
nire zorigaitzerako
inoiz irtengo ez dudan.


No hay comentarios:

Publicar un comentario