viernes, 2 de octubre de 2015

Ilargi gorria






Udaren azkenetan
arratseko brisara.
Itsas gaineko
harkaitzetan zutik,
eguzkiaren azken izpiek
gorputzak epeldurik,
so egiten diogu
azken argi gorriari.

Marea gorenean da
eta hondartza hutsik.
Itsaslabarretan
egunaren azken arnasa
lepoan sentiturik,
eskuak elkarri helduta
geratuko gara,
gu biok bakarrik.

Ilunabarra dugu
zain gabiltzana.
Itsaso ilun batetik,
hortz-muga urrunetik,
emeki-emeki,
borobil dirdiratsua
altxatuz joango da,
gure ilargi betea.

Baina gaurko gauean
inoizko handitasunik
handienean agertuko da,
eta, odoletan bezala,
kolore gorri-gorriaz.

Ilargi gorriko gauak
bere soka ikusezinaz
lotuko gaitu azkenean,
eta behin betirako,
beheko amildegian.



No hay comentarios:

Publicar un comentario