martes, 1 de abril de 2014

Gorputzaren berba

Nire eguneroko errutinaren erdian, maiz, gure bizitzatik joandako egun luze haiek gogoratzen ditut, munduan bakarrak baikinan ohearen gainean algaraz eta barrez olgatzen ginenekoak. Gorputz biluziak izaren artean bueltaka, bere arnas epelarekin kilika egiten belarrira hitz egiten zidan, handik gutxira gertatuko zenaren aurrerapena ematen bezala, eta nire besoek bere gerriaren inguru osoa estu-estu hartzen zuten, irrikaz. Arratsaldeko argi urriak, leihosareko zirrikituen artetik sartzean, marradun itxura irreala ematen zion Yanayren larruazal ilunari, kutsu magiko eta sentsuala, bere begien dirdira misteriotsua eta titiburuen orla beltzaren erliebea areagotzen zituena, oraindik gehiago liluratzen ninduelarik. Eta orduan, nire desioari eusten zion soka lodia halabeharrez apurtu eta askatu egiten zen, eta haragikeriazko sentimenak ezin kontrolaturik, eroki maitatzen nuen. Aldaka biak nire eskuen artean harturik, ipurtaldearen borobiltasun perfektua begien aurrean nuela, bere barruraino ausardiaz sartzen nintzen, haren garrasi mehe eta zorrotzen musikaren erritmoan arnasketa gero eta arinago zihoakigula, plazerraren gailurrera iristen ginen arte, eromenik handienean gure isuriak bortizki husten genituen arte. Gero, izerditan blai, sabaira begira isilean geratzen ginen, guretzat dena esanda baitzegoen, gure gorputzek ederto adierazita baitzuten sentimenduek egin behar zuten berba.

("Yanay" nire ipuinaren zatia)



No hay comentarios:

Publicar un comentario