domingo, 16 de marzo de 2014

Ume jolasak

Eskolako jolastokia oso handia eta berezia genuen, zeren eta auzoaren gaineko Argalario menditik zetorren erreka batek luzetara zeharkatzen baitzuen, eta uharkaren ondoan enbor sendoetako astigarrak, ilaran landaturikoak, kokatzen baitziren. Harri eta areazko lur gainean jolasten ginen, futbolean gehien bat, zuhaitzetako erroekin behaztopatu edo errekara erortzeko arriskuaz (eta, izan ere, behin baino gehiagotan horixe bera gertatu izan zitzaigun niri edo nire lagunaren bati), baina horregatik arrangurarik eduki gabe. Aitzitik, lasterka egiten genuen pilotaren atzetik uretara heltzen zeneraino, eta  baloia hartzeko ortozik sartzera ausartzen zenak gainontzekoen txaloak harrotasunez jasotzen zituen. A zelako partidak jokatzen genituenak, ni atezain, Iribar legez, eta besteak Uriarte, Amancio edo Gentoren jokaldiak imitatzen, txoroak bezala lehiatzen, izerdi-patsetan eta belaunak odoleztaturik bukatzen genuen arte. Kromo bildumetako futbolariak biziro miresten genituen, eta euren ereduari jarraitzeko xedea deliberatua genuen zegoeneko gutako mutil gehienok. Kinkinean ere maiz aritzen ginen, burdin zorroztuak lurrean iltzatzeko indarrez jaurtitzen, gurasoen esanari uko eginez eta haien kezkarako, beldur baitziren istripu larriren bat suerta zitekeelako. Eta puxtarriak, txapak, uztaiak..., dozenaka joko genuen gure jolas-orduak betetzeko.
Neskek, bitartean, koloretako kromo saltariak eta kurkuluxak zerabiltzaten arkupeko eskaileretan eta patioko leihoen azpiko zintarrietan jesarrita, edo gomak eta sokak, eurek ere salto egiteko kanta xinpleen  erritmoarekin batera: “Bat, bi eta hiru, lau, bost eta sei ”. Soineko motzak eta galtzerdi luzeak jantzirik, mutiloi zeharka begiratzen gintuzten, gehiago pilotaren kolpe bat hartzeko beldurrez, gure jirabiretan interesatuta egoteagatik baino. Artean ume txikiegiak ginen neskatan ibiltzeko, baina gure jokoetako balentriak handiagoak ziren neska haietako edozeinek ikusten baldin bazituen. Haien adatsen dantza, usain leuna eta ibilera lirainak zoragarriak iruditzen zitzaizkidan gelako bi zatien (neskak eta mutilak) arteko pasabidean aurrera nire ondotik sumatzen nituenean. Haiek, ordea, ez zuten niregan erakarrita sentitzeko seinalerik ttipiena ere egiten, eta laster bueltatu behar izaten nintzen, lotsatuta, kaligrafiazko koadernoaren gainean idaztera edota ikasmahaiaren tapakiaren atzean ezkutatzera.

("Nire haurtzarokoak" nire ipuinaren zatia)

No hay comentarios:

Publicar un comentario