miércoles, 26 de febrero de 2014

Hosto idorrak



"Egun haietan ez zen nire bizitzan bakardadea baino geratzen. Nigandik urruntzeko erabakia hartu zenuen udazkeneko arratsalde hartatik, neure itzala eta neure buruarekiko etengabeko solasaldiak nituen lagun bakarrak.

"Oroitu ere ongi oroitzen naiz malkoak isurtzen hasiak zenituelarik nire masail hotzean pausatu ziren ezpain puztuez, aurpegian sentitutako zure arnas epelaz, agur moduan ematen zenidan azken musuaz. 

"Piztu berriak ziren zumardiko faroletako argiaren pean, distiratxo bat azaldu zen zure begi blai ilunetan eta hantxe, ispilu baten bezala, islatu zen nire irudia, silueta bat, itzal beltz bat, eta une batez, zeure barnean jelosiaz gordetako itxaropen izpia ere antzematera iritsi nintzela iruditu zitzaidan. Agian, eztiki maiteko zenukeen beste inoren zain egonen zinen. Edo berriz zureganatuko nintzenaren esperantza izan zitekeen begien bidez agertzen ahalegintzen zena. 

"Baina gure hitzik gabeko mintzaldia gero eta luzeago, astunago egiten zitzaidan nire nahiaren kontra, eta zuk ezin izan zenuen ikusi nire begitarte lehorrean igartzen zen gogaitasun keinu ageria, hain barnekoia zen zure zorigaitzaren sentipena, hain itsugarria negarraren eraginez begi haiek estaltzen zituen lanbroa. 

"Hala ere, momentu latz haietan zer edo zer esan beharra sumatu zenuen eta hasperen sakon bat egin ondoren, "gureak ez du soluziorik" bota zenidan, biriketan bildutako airea geldiro jaurtiz. Ni, egia esan, ez nintzen ezer esateko gauza izan eta ohartezineko "ez" ahul bat ahoskatu nuen, geroxeago urruma egin eta erantzunik egokiena ote zen hausnartu behar izan banuen ere. Orduantxe eutsi zenion negarrari eta oin puntetan altxaturik urreratu zenidan aurpegia musu leun hura emateko, zure arnasaren usain berezia senti erazteko. Gero, bueltatu eta pauso geldotan abiatu zinen ibai ertzeko zumarditik. Ni, ordea, bertan gelditu nintzen zutik, baldar, ilunabarreko haize lei krudelak aurpegian jotzen zidala, sudurra eta belarriak hoztuz.

"Abrigo grisean sartuta, zure ibilkera ezaguna eta zure irudiaren urruntze atzeraezina ikusi ahal izan nituen. Hosto zapalduen hotsa eta nitaz jabetu zen nagikeri nabaria geratu ziren soilik neure gogoan, udazkeneko gau hartan."

("Hosto idorrak udazkenero erortzen direnez" nire ipuinaren hasiera)

No hay comentarios:

Publicar un comentario