domingo, 1 de diciembre de 2013

Naíla

Barakaldon, 2013ko Azaroaren 24an
   
Naíla maitea:
           Hiru hilabete baino ez dira pasa nire ondotik joan zinenetik, eta jadanik oso latza egiten zait zu gabe egotea, eguneroko bizitza arruntaren zurrunbiloan sartuta, zure hutsarekin aurrera ateratzea. Eskolara ere aspaldi itzuli ginen uda goxo eta bero baten ostean (motzegia niretzat, zurekin igarotzen ditudan hirurogei egunak eskasegiak egiten baitzaizkit). Eta egia esan ez dakit indar nahikorik edukiko dudan zurekin berriro elkartzeko falta den denbora luzean tristura honekin jarraitzeko.
           Nire bizitzan sartu zinen oso ume txikia nintzenetik, eta orain ezin zaitut inondik inora ere irteten utzi. Urteroko zure etorreraren zain egoten naiz urte osoan, zure begi beltz borobilekin amets egiten, zure brontzezko larruazal leunaren ukitu epela gomutatzen, eta zure ahots kantariaren melodia alaia behin eta berriz neure barnean entzuten. Azkenean, uda iristen den arte.
           Orduan, dena aldatzen da gure etxean: ohea prestatzen dizugu nire arrebatxoaren gelan -bere panpinen artetik toki bat egitea oso zaila izan arren-, nire armairu handiko apalik zabalena eta pertxen erdia zure arroparako erreserbatu, eta jantokian telebista aurreko ikuspegirik zuzenena duen aulkia eskaintzen dizut. Zuregatik hori dena eta askoz ere gehiago egiteko gauza naiz (eta izango nintzateke hamaika urte besterik ez banu ere).
          Orduan hasten dira guretzat jolasteko egun amaigabeak, hondartzara edo mendirako txangoak familia osoarekin (nire arreba kakanarru gogaigarria barne). Akuariora, zoologikora, edo kobazuloetara joaten gara, baina niretzako ikuskizunik miragarriena zure gorputz lirainaren dantza izaten da beti. Zure ile kizkur iluna, zure hanka argalak, zure beso luzeak eta zure eskuen mugimendu urduriak nireetan dira, soilik, liluratzen nautenak. Hain polita, hain maitagarria zara, Naíla! 
          Eta, udako ekaitzen osteko arratsalde sargoriaz abaildurik, nire ohean etzaten garenean, sabaiko zeru urdinean margotuta dauden izarren dirdira fluoreszenteari begira, gure etorkizunerako planak eta ametsak elkarri kontatzen dizkiogu, gure bion bizilekuen arteko distantzia itzela inoiz laburtuko delakoan,  betirako baturik bizi ahalko dugulakoan.
          Baina helduek ez dute gurea begi onez ikusten, Naíla, eta gurasoek kezkatzen hasiak direla esan didate. Zu hamalau urte betetzear zaudela eta ni mutil koxkorra izaki, benetako arriskuan gaudela etxe berean neba-arrebak bezala bizi eta gelan itxita bakarrik olgetan ibiltzeko, gure adinean jolasak ez direlako hain errubakoak. Eta kanpoko neskatxa bat zarela, familia txirokoa, nireganako atxikimenduagatik edozer erokeria egiteko kapaz dena, eta hortik aurrerakoa nik neuk asma dezakedala... Eta hurrengo uda azkenekoa izango dela esatera ere heldu dira. 
          Nik, ordea, ez entzutearena egiten dut, bai dakidalako urte gutxi barru zure bila joango naizela, bizi zaren Tindouf herrialde urruneraino, bertan zurekin eta zure guraso eta zazpi neba-ahizpekin biltzera, desertuko kanpamendu izugarri handi hartan egiteko dagoen guztia egiten laguntzera, ume txikiak zaintzen edo ura ekartzen, zolak garbitzen edo eskola berria eraikitzen. Baina beti zurekin, beti zure ondoan, gau eta egun, udan zein neguan, gu biok elkarrekin, Naíla. Bizitza osorako.

 Maite zaitudalako,
Jagoba

No hay comentarios:

Publicar un comentario