domingo, 6 de octubre de 2013

Mezua

Nork:           Nik
Nori:            Zuri
Cc:               Soilik zuri
Gaia:           Gure artekoa
Erantsi:   Gure artekoa ebaluatzeko txostena.doc                        

Mezua:

      Egunon, Joseba:
      Arraroa egingo zaizu baina, ikusten duzunez, orain arte inoiz egiten ez genuena egitera behartuta nago oraingo honetan, zuri mezu bat bidaltzera, hain zuzen ere.
    Bosgarren solairu honetara etorri naizenetik ez zaitut ikusi eta, zoritxarrez,  hiru aste hauetan zurekin mintzatu edo elkarri agur esateko aukerarik suertatu ez zaidanez, zuri idaztea erabaki dut, ausardi handiegiaz beharbada.
    Seguraski ez duzu imajinatuko zein latza egin zaidan zugandik urrundu behar hau. Gutxien espero nuenean, Zuzendari Orokorra nigana etorri eta promozionatu egingo ninduela esan zidan bat-batean. Gero, niri ezer erantzuteko astirik eman gabe, azkar jiratu eta aho bete hortz utzi ninduen.
      Badakit honezkero zer pentsatzen egongo zaren. Azken finean, lanpostu hobeago baten zain egon naiz denbora dezentean, zure Saileko Buru izan arren ez bainintzen nahikoa baloratua sentitzen. Enpresan egindako nire lanari eta esperientzia luzeari esker, maila altuagoko arlo batean hobeto egongo nintzela suposatzen nuen. Gainera, soldata igoera ere etorriko zen, eta alde horretatik zer esango dizut, askoz ere hobeto oraindik. Baina orain, nahiz eta laneko eginkizunei buruz kexarik ez dudan, badaukat egunero zerbait txarto egin dudanaren sentsazio bitxia. Hutsune handia bezalako zera bat sumatzen dut sabelean barrena, gorputzean gora hedatzen dena, bihotz parera iristeraino. Eta hain da mingarria zeren eta, dagoeneko, sinesten hasia bainaiz ez dudala zuregana hurbiltzeko pauso txiki bat besterik eman behar, bihotza erretzen didan sukar hau behingoz amatatzen joan dadin.
     Bai, onartu beharrean nago. Ez dago gezurretan ibili beharrik. Ez nire buruarekin, ezta zurekin ere, Joseba. Zu, zu zeu izan zara, zalantzarik gabe, azken urte hauetan egunero lanera pozik etortzeko nuen arrazoi nagusia. Nire bulegora kontsultaren bat egitera sartzen zinenean tripak irauli egiten zitzaizkidan urduriaren urduriaz, eta bularraren barnealdean taupadaka zebilkidan bihotza, kontrolik gabe. Paperak edo karpetak ematerakoan zure esku epelak ustekabean nireekin topatzen baldin baziren, karranparekin batera dardara izugarriak sentitzen nituen supituki. Eta han goitik zure begi urdin argiek begiratzen zidatenean, nire betazalak astiro makurtzen ziren, errendituta. Zure begiradaren aurrean, saileko nagusia nintzen arren, menderatuta nengoen ezinbestean. Zure ahots goxoaren soinuak luzaz bibratzen zidan belarri barruetan eta, erantzuteko orduan, nire ahotsak, adorea galduta, sentitzen ari nintzenaren berri ematen zizula iruditzen zitzaidan. Akaso zu ez zinen konturatuko, baina niretzat argi zegoen zurekin ez nuela inolaz ere agertzen saileko lankide guztiekin erakutsi behar nuen autoritatezko jarrera irmoa.
      Hamazortzi egun hauek aski izan dira niretzat zureganako sentimenduak argitu eta gu bion egoeraren absurduaz jabetzeko. Maite zaitudala, Joseba, eroki maite zaitudala esan behar dizut lehenik eta behin, eta zu gabe ezingo dudala bizi. Baina horretaz ziur nagoen bezala, badakit ere enpresaren alde egin behar dudala derrigorrean, nire lanpostu berriko erantzukizunei muzinik egin gabe. Gainera, Zuzendari Orokorrak nigan jarri duen konfiantzari ezin diot inolaz ere huts egin, nahiz eta askotan bere jokaerekin zaila ipintzen didan. Are gehiago nire emaztea eta nire seme-alaben ama denean, ez duzu uste? 
     Beharbada ezjakintasunean jarraitzea nahiago zenuke, eta nik ere duda egiten dut esan dizudana gure onerako edo txarrerako izango den, baina benetan oso nekeza gertatzen zitzaidan barnean ditudan grinak neuretzat gordeta uztea, eta zureganako nire amodio ezinezkoa aitortu gabe bizitza arruntarekin aurrera segitzea.

      Beraz, itxaropenez, zure erantzunaren zain geratzen naiz.
                                                              
Koldo





No hay comentarios:

Publicar un comentario